Orri-ikustaldiak guztira

2014(e)ko urriaren 29(a), asteazkena

BIGARREN GOGOETA


 

Kaixo berriz ere!

Klaseko bigarren saio magistralean, web 2.0 ri buruz aritu ginen, informazioa hartzeko eta emateko balio duen filosofia bezala ulertu genuen, egilerik ez duena eta edonork erabil dezakeena. 

Honen inguruan, kolaboratibo eta kooperatiboaren arteko aldeak azpimarratu genituen. Inork ezer agindu gabe edonoren esku uzten denari kolaboratibotzat ezagutzen dugu, adibidez, apunteak hartzeko sare bat. Zerbait modu kooperatiboan eginda egoteak, talde batek egin duela esan nahi du, normalean taldeko buru edo agintari bat dago zerbait bideratzeko.

Horrez gain, egunerokotasunean erabateko estandarizazioa ematen ari dela ikasi genuen, bai hizkuntza informatikoan, baita tramankuluetan ere. Izan ere, formatuak oso estandarrak direnez, hedatzeko eta zabaltzeko arazorik ez daude. Gainera, honi lotuta programa guztien erabilera oso sinplea edo bakuna izaten da.

Horren ondorioz, irudi batean zeuden hainbat kontzeptuetan oinarrituz, azalpen oso zabala eman zuen irakasleak. Momentu guztietan, konbergentzia mantentzearen eta sarean parte hartzearen garrantzia azpimarratu egin zuen. Azkenik, klase honen inguruko hausnarketa egiteko, web 2.0 etengabe aldatzen edo moldatzen den gizarterako zerbitzu bat dela esan behar dut.

Atal magistrala alde batera utziz, gaurko saio praktikoan powerpointak egoki egiteko teknikak eta metodoak ikasi ditugu. Oinarri bezala, aurkezpen guztiak gradualak, argiak, tamaina egokikoak, errazak eta erakargarriak izan behar direla adierazi digu irakasleak. Modu horretan, erabiltzen dugun testuaren tamaina egoki aukeratzea ere oso garrantzitsua da, horretarako urruntasuna kontuan hartu behar dugu. Urrunetik apaindurak dituzten letrak ez dira egokiak, tamainaz aparte letra mota egokia ere aukeratu behar dugu.

Ulermena errazteko, koloreak zentzu handiz erabili behar ditugu, hala ere, kontraste handia topatzen badugu, ikusmena errazten du. Honen inguruan, interesgarria iruditu zaidan datu bat azalduko dizuet,  gorria gehien ikusten den kolorea da, baina urdinez oroimenean hoberen gordetzen den kolorea da. Horretaz aparte, letra etzana ezta azpimarraketa ere ez dira gomendatzen, gauzak nahasten dituztelako, batik bat.

Konturatzen ari naizen moduan, gure orainaldian ez ezik, etorkizunean ere erabilgarriak izango diren teknika asko ikasten ari gara irakasgai honetan, saio honi esker aurkezpenak egiteko trebatuago ikusten dut nire burua. Horregatik, irakasgaia eta bertan lantzen diren edukiak hain interesgarriak izaten jarraitzea espero dut!

2014(e)ko urriaren 15(a), asteazkena

LEHENENGO GOGOETA





Saio honetan, blog-ak sortzeko balio duen Google bilatzailearen plataforma bat ezagutu dugu, Blogger deritzona, hain zuzen ere. Hasteko, blog bat zer den azaldu ondoren, ikasle bakoitzak gure blog propioa egin dugu, posta elektronikoaren kontua erabiliz.

Behin bloga eginda, mezuak jartzeari buruzko azalpenak eman ditu irakasleak. Horrez gain, mezu horietan, bideoak, kantak edo soinuak, edota powerpoint-ak ere jartzen ikasi egin dugu HTML moduan. Jarraian, blog-aren diseinuarekin sartu gara, bakoitzak askatasuna izan dugu gure blog-a apaintzeko orduan, beraz, blog guztien formatua ezberdina izango da. Azkenik, blog-aren goiburuari irudi bat jarri beharko diogu eta horretarako, irudien tamaina edo memoria murriztu behar izan dugu “Microsoft office picture manager” programa erabilita.

Beste alde batetik, zer esanik ez dago eguneroko bizitza teknologiekin erabat erlazionaturik dagoela, beraz, ezinbesteko garrantzia duela arlo hau esan behar dut. Guk, LH-n erabili izan genuen metodologiak, izugarrizko aldaketak jasan ditu teknologien sorrerekin. Izan ere, praktikak egiten egon naizen ikastetxeak dituen baliabideak, guk genituenekin konparatuz, oso aurreratuak  daude, adibide argia daukagu arbela digitalaren kasuan. Gaur egun, ikastetxe gehienek arbela digitalak erabiltzen dituzte, eskola 2.0 –ren ideia asko hedatzen ari baita.

Alde batetik, lehen hezkuntzatik irakasteko teknologiak erabiltzeak, ondorio positibo asko sorrarazten ditu ikasleei, liburuak eta koadernoak desagertuz joango dira eta gainera, umeak nagusituko direnean, izugarrizko kontrola eta abilezia erakutsiko dute teknologien aurrean.  Horrez gain, informazioa lortzeko modu azkarrago bat eskaintzen du teknologiak, gainera, akats gutxiagorekin eta gainera, ikasleen motibazioa handitzen du. Horrela, modu ez presentzial batean ikasteko aukerak ere eskaintzen dira.

Ikasleen aldetik, bakarrik aurrerapenak eta onuragarriak diren ondorioak ikus ditzaket, irakasleen kasuan, aldiz, zailtasun batzuk ikusten ditut. Gaur egun, hezkuntzan dauden irakasle askok ez dute teknologiekin aritzeko abilezia, ez baitute formazio hori jaso eta muga eta oztopo asko aurkitzen dituzte metodologia berri honekin. Amaitzeko, Internet-etik bidaltzea lanak eta informazioa erabat eroso irudi daiteke, baina beharbada ikasle guztiek ez dute Interneteko konexioa beraien etxeetan, eta ikasle askok, sare sozialetan nabigatzeari garrantzi handiago ematen diote lanak egiteari baino. Beraz, ikuspuntu asko izan ditzakeen gaia dela esan behar dut. 
  
Honenbestez, hurrengo astera arte !!